"Abertzaleen bakardadea bukatu da Iparraldean"
Hirurogeita hamasei urte beteko ditu maiatzean. Gizon handia eta ahots indartsukoa, kemena dario bere bizitzako zenbait pasadizori buruz mintzo denean edo barre egiten duenean. Jean Haritschelhar Euskaltzaindiko buru da duela hamaika urte. Ia-ia konturatu gabe iritsi zen erakundera 1962an. Baina gainera Frantziako pilota txapeldun izana da erremonte modalitatean, Baionako Erakustokiko zuzendari, Baigorri bere jaioterriko alkate, Bordelen katedradun eta kultur munduari estuki lotua beti. Frantziako Euskal Departamenduaren alde lanean hasi ziren lehenengoetakoa izan zen, eta gaur, Angelutik, bizi den txoko lasaitik, horretan dihardu oraindik ere. Galdera. Gaztelania primeran omen dakizu. Erantzuna. Espainierari buruzko lizentziatura egin nuen Sorbonen. Bertako ikasle nintzela, beka bat eman zidaten Espainian urtebete egiteko, 1947an. Gero Gustavo Adolfo Bécquer costumbrista tesina egin nuen. G. Zein izan zen zure lehen lana? E. Agenen irakasle hasi nintzen, 1952tik 1962ra. Bertan René Lafonekin harremanetan sartu nintzen, Bordelen euskarazko katedraduna. Bordelen espainoleko klaseak emateko postua eskaini zidaten, espainoleko klaseak eman nituen han. Ondoren, 1969tik 1986 arte, euskara katedradun izan naiz. G. 1962 urte berezia izan zen zuretzat. E. Bai. Urte hura oso berezia izan zen. Agen utzi nuen eta Baionako Euskal Erakustokiko zuzendari izendatu ninduten. Michel Labegueriek idatzi zidala horretarako, eta nik argi eta garbi utzi nion Greneti hura ez zela nire biziko lana, nire helburua unibertsitatea zelako eta bertan bukatu nahi nuelako nire bizia, hura bigarren lan bat izango zela. Hori jakinda, onartu egin zuen eta horrela hasi nintzen 1988a arte. G. Euskaltzaindira ere 62an iritsi zinen. E. Bai. Uztailaren azken egunean Lafittekin elkartu nintzen gauza batzuk prestatzeko eta orduan esan zidan: "Orain euskaltzain oso zara. Joan den bilkuran, aho batez, euskaltzain oso izendatua izan zara". Beno, banekien piska bat zer zen Euskaltzaindia, baina ez nintzen inoiz urgazle izana, zuzenki izendatu naute euskaltzain oso. Sarrera Baigorrin egin nuen 1963an, Otsobiri buruz, bere segida hartzen nuela pentsatzen nuelako. G. Buruordetzara nola iritsi zinen? E. 1966an pentsatu zuten bazela buru bat, baina buruorde bat ere ezarri behar zela. Orain, Euskaltzaindian badago idatzia ez den den lege bat, hau dioena: burua Hegoaldekoa delarik buruordea Iparraldekoa behar dela izan, eta hori ulertzekoa da. Hemen ere izan dadin erakundeekin mintzatzeko bere titulua daukan norbait. Eta den gutxienik, buruordea behar du izan. Hori pentsatu zuten orduan. Hain zuzen, ez nintzen Euskaltzaindira joan egun hartan, eta berriz etorri zitzaidan Lafitte esanaz, "Orain, euskaltzain buruorde zara". Eta buruorde gisa 22 urte pasa ditut. G. Aurretik jakin al zenuen buru izendatu behar zintuztela? E. Ez dut uste hau orain sekretua denik. Villasantek aipatu zidan berak utzi egin nahi zuela eta nik hartu behar nuela. Nik hori posible zen ez nekien eta hala azaldu nion. G. Zergatik ez zen posible izango? E. Nik ez nituen legeak ezagutzen, beti pentsatu dut buruak Hegoaldekoa izan behar zuela, gehiengoa hangoa baita, eta gainera kontutan hartu hau orain dela hamar urte izan zela eta gauzak orain asko aldatu direla. Beraz, posible zela ikusi zuenean Villasantek nire kandidatura proposatu zuen eta hautatu egin ninduten. Eta badago hor beste gauza interesgarria. Kargu aldaketa 1989an egin zen, Bizkaiko Foru Aldundian, Ardanzaren aurrean. Hortik bi gauza azpimarratuko nituzke. Lehenengoa, Eusko Jaurlaritza bat badugula, eta bigarrena, horrekin ohitura berri bat hasten dugula. Eta nik nire kargua uzten dudanean, eskatuko dut gauza bera egin dadin lehendakariarekin. G. Angeluko auzokoak zuri ere frantsesez zuzentzen al zaizkizu? E. Bai, bai, batzuk salbu. Hemen ondoan badago gizon bat euskalduna, apaizarekin ere euskaraz hasten naiz, nahiz eta kostatzen zaion...baina badira euskaldunak Angelun. Eman dezagun 35.000 biztanleetatik laurdenak euskaldunak direla. Eta adibidez, etxeen izenak euskaraz izateak zerbait esan nahi du. Badago ikastola bat, eta hemen ondoko eskolan badago eredu elebidun bat. Iruditzen zait euskalduna bere burua agertzen hasia dela. Nik geroz eta gehiago aipatzen dut Etxeparek 1545ean idatzi zuen neurtitz bat: "Euskaldun den gizon orok altxa beza burua". Eta hori gertatzen ari da hemen. G. Euskal Departamentua posible ikusten al duzu? E. Badira 22 urte departamentuaren alde nagoela, 23 beharbada ere. Baigorriko alkate nintzelarik, Kontseilu Orokorreko hauteskundeetara presentatu nintzen. Ez nuen lortu, baina aurkeztu nintzen euskal departamentu baten beharra erakutsiz. Elkarte batean sartua nintzen eta jarraitu dut. 1982an izan naiz elkarte horrekin eta Euskal Herriko kontseilari orokorrekin Pariseko Barne Ministerioan. Han ziren Nicole Pery, Lionel Jospin, Grenet, Guy Petit, Intxauspe eta denak. Ez genuen lortu orduan, eta hori izan da Mitterrandek egindako hutsa, bere hitza jan zuela esan dezakegu. Nik ez dut hori sekula ahaztuko, eta beldur naiz ez ote zaien gauza bera Jospini eta Nicole Peryri gertatuko. Jospin Chiracen aurka aurkeztu zenean zera esan zuen: Euskal Herriak erakusten badu gehiengoa departamenduaren alde dela, orduan kontsideratuko ditugu gauzak. Hori orain gertatzen ari da. 159 herri badira Iparraldean, gehiengoa izateko 80 behar dira, eta 73ra iritsi gara. Zazpi falta dira, baina etorriko dira. Orduan, erabakia ez da gure eskuetan egongo. Baina eza ematen baldin badute, abertzaleek gora egingo dute, halako mugimendu bat nabari baita. Duela 23 urte gutxi batzuk ginen baina bakartasun hori bukatu da. G. Iparraldea eta Hegoaldearen artean desberdintasunik ikusten al duzu? E. Ez dago desberdintasunik. Pentsatu behar da gure literatura hemen sortu dela, bizpahiru mendez hemen egin dela. Gero Hegoaldera pasatu da, eta argi dago indar gehienak Hegoaldean daudela, bereziki Gipuzkoan, beharbada. Hor ikusi behar dena ere, politikoki zatikatuak garela da, alde batetik Autonomi Erkidegoa, gero Nafarroako Gobernua eta Iparraldea. Iruditzen zait balitekeela lotura estuagoa egotea Gipuzkoa eta Baionako distrituaren artean Autonomi Erkidegoa eta Nafarroaren artean baino. Hori da gure ahulezia. G. Nahikoa ezagutzen al dugu elkar? E. Ez ditugu aski egin, nire ustez, anaitasunezko hitzarmenak. Badaude Baiona Iruñearekin, Donibane Garazi Lizarrarekin, eta beste batzuk ere, baina ezer gutxitan gelditzen dira. Behar bezalako harremanik ote den ez dakit. G. Zinemara joaten zara? E. Bai. Beno, orain gutxi. Baina oso zalea izan naiz, Agenen nintzelarik han zineklub bat sortu nuen hirian eta beste bat eskolan. Biziki maite izan dut zinea, nahiz eta orain ez joan. Orain telebista daukat. G. Zer ari zara irakurtzen orain? E. Axularren Gero, apirilerako lan bat prestatu behar dudalako. Egunero irakurtzen ditu Sud Ouest eta Le Monde eta zenbait aldizkari: Herria, Le Cannard Enchainé eta beste, eta artikuluak idazten ditut. Nire bizitza pasatzen dut irakurriz eta idatziz. G. Pilota oso gustuko omen duzu E. Bai, jokatu izana naiz, bereziki xistera ttipian eta erremontean. Aldi batez Frantziako txapeldun izana naiz behin erremontean, eta hemengo pilotarien biltzarraren buru izan naiz. Okupatua naiz, dudarik gabe. G. Beti liburu artean? E. Bai. Bai espainiar poesia eta literatura, eta baita euskal eta frantses literatura ere oso gogoko ditut eta ondo ezagutzen ditut. Uste dut behar bezala analisiak egiteko gai naizela, baina ez naiz poeta. Ez dut sekula ez poesia baten hastapena egin, ez naiz sortzailea, arlo honetan behintzat.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.