_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Hollywoodeko izar ezkutuak

Juan de Landak eta Conchita Montenegrok ospe handia lortu zuten zine mutuaren hastapenetan

Hollywooden ezagutu zuten elkar Juan de Landak eta Conchita Montenegrok, De frente, marchen filmaren grabaketan. Buster Keaton zen protagonista nagusia. 30eko hamarkadaren hasieran, Landa mutrikuarra eta Montenegro donostiarra zinemaren mundura hurbildu ziren, etxetik milaka kilometrotara.

Bere garaian, ospe galanta izan zuten, gaur egun ahaztu samar baldin badaude ere. Izan ere, Juan de Landak, esaterako, Buster Keaton, Lupe Vélez, Greta Garbo eta Clark Gable aktoreekin filmatu zuen eta Luchino Visconti edota John Hustonen zuzendaritzapean jardun zen. Pelikula askotan hartu zuen parte, bai Estatu Batuetan, baita Italian eta Espainian ere.

Euskaldun gehiago aritu izan da Hollywooden, noski, baina inork ez du bikote honek adina ospe lortu. Ezta gerora ere, ezta gaur egun ere. Eta Landa izan da Estatu Batuetan ekoiztutako filmeetan euskara erabili duen bakarrenetarikoa.

Cecil B. De Mille-ri bere bidelapur aurpegia gustatu zitzaion eta Metro konpainiarekin kontratua sinatzeko eskaini zion 1930ean
Euskal antzezle gehiago aritu dira Estatu Batuetako zine-industrian lanean, baina batek ere ez du bikote honek adina ospe lortu

Nortzuk ziren, bada, Juan de Landa eta Conchita Montenegro? José Miguel de Amezketak urteak eman ditu ikertzen eta Juan de Landa, aktorea liburuska kaleratu berri du, Euskadiko Filmategiaren eskutik.

Juan de Landak (Mutriku 1894-1968) gaztetandik izan zuen arteetarako grina. Sei urte eman zituen Erroman ahotsa lantzen eta Milango Scalan estreinaldia izan zuen baina operan ez zuen aurre egiterik izan.

Ignacio Zuloaga pintorea antzezlearen familiaren laguna zen eta gomendiozko gutuna eman zion Lucrecia Borirengana joateko, New Yorkeko Metropolitan Opera Housen enpresaburu zena. Proba egin zioten baina, berriro ere, ahotsa ez omen zen gustukoa. Lanik gabe, sosik ez, eta zineak mututik ahozkorako bidean zegoela jakinik, beste askok bezala, Holliwoodera joatea erabaki zuen, Paulino Régil, Errezilgo boxeolariaren gomendioz.

Cecil B. De Mille

Europako boxeo txapeldunari esker kamera proba egin zioten Metro konpainian. Cecil B . De Millek gustukoa izan zuen bere itxura sendoa, bere ahots biribila, eta halaxe bota zion: "Zure ahotsa zure bidelapur aurpegia baino gutxiago interesatzen zait". 1930 urtea zen eta Metrok kontratua eskaini zion. Hollywoodeko ateak zabalik zeuzkan.

Estreinaldia aparta izan zuen De frente, marchen filmean, Buster Keatonen alboan. Sarjentu erretxin, marmarti eta zorrotzaren papera bete zuen.

Juan Pison Pagoaga zuen benetako izena. Artean, bikoizketarik ezean, bertsio ezberdinak burutzen ziren zineman, hainbat hizkuntzatan. "Juan izar handia izan zen espainierazko zineman" dio José Miguel de Amezketak. Hala eree, ingelesez zein italieraz ere egin zituen hainbat pelikula.

Lehen film luze hartan Conchita Montengro donostiarrarekin egin zuen lan. Guztira bost filmetan aritu ziren elkarrekin. Juanek bi egin zituen ingelesezko bertsioan. Conchitak, berriz, Charles Chaplinen aginduak jarraituz, berehala ikasi zuen bertako hizkuntza eta dexente grabatu zituen ingelesez.

Juan de Landa euskalduna zen. Noche sin cielo filman apaizaren papera bete zuen eta euskaraz egin zuen otoitz. Ana Mariscal antzezleak, txunditurik otoitz haiekin, buruz ikasi zituen. Orain, Estanis Osinalde Mutrikuko alkateak gogora ekarri duen modura, mutrikuarren ezizenak ere erabili ohi zituen Juanek gidoitik kanpo egindako bat-bateko agerpenetan.

Ia 27 urtez aritu zen zinemagintzan Juan de Landa eta 56 pelikuletan hartu zuen parte. Artean, baina, José Miguel de Amezketak dioen bezala, zine-areto eskas zegoen Euskadin. Honela, ospea, pantailatik baino, aldizkari eta egunkarietako albisteetatik zetorkion.

Hollywoodetik alde egitea erabaki eta gero Espainian hasi zen lanean. Gerra Zibila piztu zenean Italiara joan zen eta bertan lan aipagarriak bete zituen, esaterako, Viscontiren Ossessione-n. 1957an, oraindik lanerako sasoian, sorterrira bueltatzea erabaki zuen, azken urteak ospetik aldenduta bizitzeko.

Hollywoodetik alde egin eta urte batzutara, Howard Hawks zuzendariak hitz goxoak eskaini zizkien Juan eta Conchitari: "Bertsio bikoitzekin kultura pixka bat ekar zezaketen hainbat aktore etorri zaizkigu. Baina ez diegu kasurik egin. Nik izan nuen gure izar ospetsu asko baino askoz hobea den aktore espainiar bat zuzentzeko ohorea: Conchita Montenegro. Beste aktore handi bat Juan Landa da".

Juan de Landa, aktorea liburuak ere gizon honen ibilbidea hobeto ezagutzeko balioko duela espero du bere egileak. Datu asko antzezlearen etxean gordeta zeuden eta horiek biltzen laguntza fina jaso zuen haren alargun María de los Santos Pérez Santita-rengandik. Liburua amaitzear zela, 2001eko abuztuan, hil zen emakumea.

Conchita Montenegro, aldiz, Madrilera ezkondu eta bertan bizi da gaur egun, baina urteak eta urteak dira ez duela inongo adierazpen publikorik egin nahi izan.

Orain, Amezketaren nahia da Juanen eta Conchitaren filmografia ezagutzera eman daitezela. "Jende asko eta asko erabat harrituko da jakitean sarri pantailan ikusi duen mutil sendo eta mardul hura, Juan de Landa, alegia, euskalduna zela jakitean".

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_