_
_
_
_
Gaiak

Agian minutu bakar bat

Senideak eta zuzenbideko praktikak egiten ari diren hamar bat ikasle aretoan sartu dira beren irakaslearekin ate nagusitik. Non jarri behar duten esaten ari zaie atezaina, bi polizia judizialen errutinazko begiradapean. Epailea eta lekukoak ere laster izango dira bertan. Eta erasotzailearen izena esandakoan, aretora sartuko da hura ere, baina albo batean dagoen ate txikiagotik.

Erasoaz arituko dira, erasoaren ertz guztiak aztertu nahiko dituzte. Baina ordu arte hain familiarrak izan zaizkion teknizismo juridikoak, arrotzak egingo zaizkio erasotuari, bihozgabeak, errealitatea islatzen ez dutenak. Erasoa berak sufritu zuen, berak bakarrik hitz egin dezake erraietan sentitu zuen izotz zorrotz batena bezain ziztada erregarriaz. Berak bakarrik hitz egin dezake, eta ez luke teknizismorik erabiliko, baina beldur da ez zaiola ez teknizismorik ez bestelakorik aterako. Irtetekotan ere, erasoa sufritu zuen eguneko oihuak eta laguntza-eskeak aterako zaizkio erraien ahotik. Eta erasoaren ondoko negar abaildu bera: hori seguru aterako zaio. Eskatuko diotenetik, ordea, ezer ez. "Ezagutzen duzu akusatuen estraduan dagoen gizona?", galdetuko diote, eta berak baietz esango du xuxurla batean, baina ezingo du begirada jaso. Erasoaren irudiak uneoro etortzen zaizkio burura, baina ezingo du gertatutakoa hitzetan jarri. "Etxera nindoan, eta...". "Urrats batzuk sentitu nituen nire atzean, eta...". "Pausoa bizkortu nuen, eta...". Brastakoan gertatu zena ezin izango du adierazi hurrenez hurren jarritako esaldien bidez. Zenbat denbora pasatu zen ba erasotzailea segika ari zitzaiola ohartu eta haren eskua sentitu zuen arte? Agian minutu bakar bat ere ez. Eta agian minutu bakar bat ere iraun ez zuen tarte hartan arnasa entzun zion, pattarraren marka ezagutu zion haren hatsari, ia bost urtez goritutako infernuaren irudiak gogoratu zituen, eta, batez ere, familiarra izateagatik mingarriagoa izan ohi den denboraren neurririk gabeko izu halako bat sentitu zuen.

Ispiluan begiratu eta "ezin zain ezer gertatu" esan ahal izateko tenorea iritsia zela pentsatu zuen.

Hori guztia eta gehiago sentitu zuen agian minutu bakar bat ere iraun ez zuen tarte labur hartan.

"Lagunduko dizut, oraintxe joango naiz bila", esan zion bizkartzainak telefonoz. Ezetz, berak. "Autobusak etxepeko geltokitik zinemaraino eramango nau-eta!", egin zion protesta bizkartzainari: arratsaldeko zine-emanaldira joango zela, baina bakarrik, ez kezkatzeko, oso berandu iluntzen zuela-eta. Alegia, ez zegoela garai bateko arriskurik. Hori sinetsi nahi zuen distentsio garaiak zirela argudiotzat hartuta. Ez zion, ordea, zine-aretoaren izenik esan, ez zituen-eta ez bizkartzaina ez haren ehiza-zakur batena bezalako usna garondoan sentitu nahi. Halatan, bizkartzaina zentzudun jokatzeko erregutzen ari zitzaiolarik, ez zion bukatzen utzi eta telefonoa eskegi zuen. Azkar-azkar jantzi zen. Telefonoak deitu zuen ostera. Arnasa hartu zuen sakon. Auto-kontrola lortu nahi zuen, opari hori egin nahi zion bere buruari. Ispiluan begiratu eta ispiluko irudi begi zurbilari "ez zain ezer gertatuko, ezin zain ezer gertatu" esan ahal izateko tenorea iritsia zela pentsatu zuen. Ezpainak pintatu zituen, kolore pixka bat eman zuen begi-inguru zurbiletan. Telefonoak jo zuen hirugarrenez. Poltsa sorbaldan hartu eta presaka irten zen etxetik. Autobusak arrankatu eta bost bat minutura, bizkartzainaren autoa ikusi zuen leihotik, ziztu bizian autobusaren kontrako bidean. Terrazak jendez gainezka ere ikusi zituen autobuseko leihotik; dendetako erakusleihoak ikusi zituen.

Eta, batez ere, emakume asko ikusi nituen espaloietan atzera-aurrera, dendetan sartzen, dendetatik ateratzen. Bakarrik edo lagunekin, baina beren itzal propioaren gaineko beste itzal baten edo biren premiarik gabe. Libre. Mehatxu ilun baten humusa gibelean sentitu gabe. Karrerako urte pare bat kenduta, nire bizitzako gainerako urteak bertan eginak naizen arren, nirea ez zen hiri batean sentitzen nintzen, nirea ez zen zeru baten azpian bizi nintzela iruditzen zitzaidan. Lapurtu egin zidaten paisaia haren partaide izateko eskubidea, eta inbidiaz begiratzen nien emakume haiei -noiz izango ote naiz berriro zuen pare?- eta baita amorrazioz ere -zuek isilik segitzen duzuelako nago horrela!-. Ez ginen berdinak: nik, nahi gabe ere, atzera eta zeharka eta ezkaratzetara begiratzen nuen aldian behin, hori zen emakume haien eta nire arteko aldea. Ez nengoen beldurturik, egia da, bizkartzainari izkintxo egin eta hura musu-huts utzi izanak eragindako euforia halako baten aparretan jaitsi nintzen autobusetik ia zine-aretoaren aurrez aurreko geltokian. Sarrera bat erosi eta zinean sartu nintzen. Argiak itzali zituzten. Izara garbitu berriek atera ohi duten soinu hori atera zuten lehendabiziko irudiek pantaila zurian. Bakarrik eta lasai nengoen aspaldiko partez. Baina hala ere...

Baina hala ere, azken bi urtetako egoerak gehiegizko pisua zuen, neskaren zirkinak eta mugimenduak ez ziren naturalak, norbait atzean balu bezala mugitzen zen butakan, zeharka begiratzen zuen ezker-eskuin, ezin zuen arreta jarri pelikulan. "Inork zinean sartzen ikusi banau..." Ez zen arrisku bat. Inorentzat ere ez. Artean ez zituen hogeita hamar urte, txikia eta indarrik gabea zen, bakarrik bizi zena mutil-lagunarengandik banandu zenetik, eskain zezakeen bakarra legeen ezagutza eta legeen arteko loturak egiteko gaitasun dezente samarra zuena. Ez zen hori besterik. Ez euli bat hiltzeko gaitasunik, ez etxeko gela batetik bestera ilunpetan joateko trenpurik ere. Eta, hala ere...

Garai ankerrenen seinalea kontu arruntenak ere zikindu egiten dituela, horregatik kontatzen dut zurekin, hala esan zion zibileko irakasleak listetan joateko proposamena egin zionean. Erraz bilatuko zuela bera baino hoberik, horixe erantzun zion neskak irakasleari, erraz bilatuko duzu ni baino hoberik, hitzok esan zizkion, baina begi-ezpainen mugimendu aratz batzuekin lagundurik. Bat-batean, ordea, koketeriaren zirkinak nabarmenegi erakutsi izanaren zalantza nagusitu zitzaion neskari. Irakaslea jabetu ote zen koketeriaz eta, batez ere, jabetu ote zen bere jardun seduktoreak neskaren baitan eragindako zirraraz? Seguru asko, bai, seguru asko aurrez erabakitako zerbait zen proposamena sedukzioarekin sendotzearena

eta adi egongo zen irakaslea horren seinaleak noiz eta nola ikusiko, seinale horiek adieraziko baitzioten noiz eta nola jokatu. Irakaslearen eta ikaslearen arteko erotismoa -begi-bistakoa den ala ezkutua, horrek ez du axola handirik- transmisio on baten bermea baita, neskak begietara begiratu zion irakasleari, ez aztoramendurik gabe. Irakasleak, irriño batez, bere esku beroekin neskaren esku hotz urduriak estuturik, orduan zure erantzuna baiezkoa da?, galdetu zion.

Bai, Julio, erantzun nion.

Lehendabiziko aldia zen bere izena nerabilela. Baina irakasle bat soilik maite litekeen eran maite nuela, hori zen neure buruari aitortzera ausartzen nintzen kontu bakarra. Ez irteteko tokian sartu ninduen listetan, horrek baretu egin zuen mutil-laguna. Baina irten egin nintzen, eta mutil-laguna Julioren kontra hasi zen: hasieran, gehiegi nabarmendu gabe; egunek aurrera egin eta nire konpromisoak ugaritzen hasi ahala, gero eta zakarrago.

Pigmalion telefonoan, esaten zidan mutil-lagunak Juliok deitzen zidan aldiro. Jakiten baita kontu hauek nola hasten diren baina ez nola bukatzen diren, mutil-lagunak Pigmalion telefonoan nuela esan zidan haietako batean, Juliok bizkartzain batekin ibili beharko nuela abisatu zidan.

Julioren hitzekin gogoratu nintzen: "garai ankerrenen seinalea kontu arruntenak ere zikindu egiten dituela, horregatik kontatzen dut zurekin". Ez nuen ez ezetz esateko ez atzera egiteko aukerarik: ezdeusa nintzen, baina ni baino ezdeusagoak geratzen ari ziren bidean. Haiek erortzen ziren kale-kantoiek eta taberna-bazterrek ezin zuten bidaiaren bukaera izan.

"Bai, baduzu ezetz esan eta atzera egiteko aukera!", zakartu zitzaion mutil-laguna, neskak telefonoa eskegi eta bizkartzainarekin ibili beharra aipatu zionean. Ezin biziko zirela itzal puta bat beti atzetik zutela -zergatik, eta agure ximel horrek engainatu hauelako!-, eta hiritik alde egitea proposatu zion neska-lagunari.

Ezentzunarena egin zion neskak Juliori buruzko destainari. Ezetz. Ezin ziola egoera injustu hari bizkarra erakutsi. Ez koldartzea zela bizkartzain bat eramatera behartzen zuen garai ankerren kontrako antidoto bakarra. Garai ankerrak esan zion neskak. Ohartu ote zen Julioren hitzak baliatu zituela? Mendeku hartzen ari ote zen mutil lagunak agure ximel deitu ziolako Juliori?

Aldez edo moldez, gu geu izaten gara maite dugun argiari zirrikitua zabaltzen diogunak.

Ez nion mutil-laguna beste izenik ematen ez neure kabutan, ez egoerek hartaz hitz egitera behartzen nindutenetan ere. Altzari-denda batean ezagutu nuen. Saltzea ez zela beretzat egina, lehendabiziko egokieran utziko zuela. Baina solas atsegin batez eta ateraldi dirdaitsuekin hornitzen zuen altzari-dendak sortzen zion erremusina. Afaltzera irten ginen batean, elkarrekin bizitzen jartzea proposatu zidan. Eskaintzari eman nion garrantzia, ez haren edan sarriari. Bi urte beren gazi-gozoekin, harik eta egun batean altzari-denda utzi zuen arte. Hobeto esan, harik eta erakusten hasi zen arte ez zuela berebiziko asmorik beste lan bat bilatzen hasteko.

Bizkartzainaren kontrakoak izan ziren haren lehendabiziko arrangurak, baina konturaturik Juliok sarri samar deitzen zuela etxera, bizkartzainaz ahaztu eta Julioren kontra hasi zen laster. "Nork sartu hinduen honetan? Juliok. Ez zeraman bizkartzainik, konturatu haiz? Ez zakinat nola egiten duen, baina beti libratzen dun".

Gogoratzen du nola... Baina ez, ez du gogoratu nahi, gainetik kendu nahi lituzke gero eta sesio ugariagoen oroitzapenak. Orroenak. Abisatu gabeko irteera gero eta luzeagoenak, oherakoan haren hatsak aurreratzen zion abisuaren beldur izatearenak. Gogoratzen du nola behin... Baina ez, ez du gogoratu nahi.

Poz bakarra gelditzen zaio: adorea bildu eta etxeko atea erakutsi izana. Eta maiz gozatzen du bere kabutan paradoxa gazi-gozoa: bizkartzaina jarri ziotelako mutil-laguna zakarkeriari zakarkeria hasi bazitzaion, etxetik bota zuenetik bizkartzainak moztu zituen zakarkeriok.

Eta epaileak galdetu dionean "ezagutzen duzu akusatuen estradoan dagoen gizona?", berak baietz esan du xuxurla batean, baina ezin izan du begirada jaso. Ia dena daki estradoan dagoen gizonari buruz, eta ez dakiena ere aise asma dezake, baita estradoan dagoen gizonak bere buruaz dakizkienak eta sekula jakingo ez dituenak ere. Biktimak ezagutzen du ongien erasotzailea. Beste inork baino hobeto.

Erasoaren irudiak etorri zaizkit burura, baina ezin dut gertatutakoa hitzetan jarri. "Zinetik etxera nindoan, eta...". "Urrats batzuk sentitu nituen nire atzean, eta...". "Pausoa bizkortu nuen, eta...". Brastakoan gertatu zena ezin dut adierazi hurrenez hurren jarritako esaldien bidez.

Zenbat denbora pasatu zen ba segika ari zitzaidala ohartu eta haren eskua sentitu nuen arte? Agian minutu bakar bat ere ez. Baina agian minutu bakar bat ere iraun ez zuen tarte hartan arnasa entzun nion, pattarraren marka ezagutu nion, ia bost urtez goritutako infernuaren irudiak gogoratu nituen, eta, batez ere, denboraren neurririk gabeko izu halako bat sentitu nuen. Hori guztia eta gehiago sentitu nuen agian minutu bakar bat ere iraun ez zuen tarte labur hartan.

Anjel Lertxundi

Anjel Lertxundi (Orio, 1948) ezinbesteko egilea da euskarazko literaturaren azken 30 urteotako historian. 1970ean argitaratu zuen 'Hunik arrats artean' ipuin bildumatik iaz aurkeztu zuen 'Italia, bizitza hizpide' narrazioraino, 20tik gora izenburu sortu ditu, horietako batzuk hainbat hizkuntzara itzuli direla. Birritan irabazi du Kritika Saria eta beste bi alditan Literaturako Euskadi Saria. Horrez gain, zenbait komunikabidetan kolaboratzen du eta gidogile gisa lan egiten du telebistan, zinerako idatzi dituen 'Hamaseigarrenean, aidanez' eta 'Kareletik' ahaztu gabe.

Ezkondua eta bi alabaren aita, ez du inoiz betiko lagunekin duen harremana galdu. Zarautzen bizi da (herri horretako Salbatore Mitxelena ikastolako zuzendari izan zen lau urtez) eta bertako hondartzatik paseatzea maite du. Irakurle amorratua da eta eskuetara iristen zaizkion liburu guztiak irensten ditu, horien generoa eta jatorriari erreparatu gabe.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_