Garai hobeagoen zain
Itzulpenen aniztasuna eta idazle berrien etorrera sendoa dira 2006ko euskal ekoizpen literarioaren ezaugarri nagusiak
Urte literario hau beharbada ez da historiara pasako, baina bai egon behar dugu seguru historia berehala literaturara igaroko dena. Aurtengo gertakaririk garrantzitsuenak -ETAren su-etenak- ez ditu literaturaren bazterrak erabat harrotu, edo hobeto esanda, ez da astirik izan, literaturak denbora behar baitu historian eta gizartean izaten diren aldaketez gogoeta egiteko.
Honelako gertakariek uneari ematen dioten dimentsio historikoaren haritik, testuinguru honetan argitaratzen diren lanek ere beste dimentsio bat hartzen dute. Ildo horretatik ekarri digu urteak Joseba Zulaika antropologoaren saioa, ETAren hautsa. Gogoeta kontakizun bihurtzen da Ardotxiren eleberrian, Mentxakaren aitorpena, zeinak 70ko hamarkadako atxilo baten gorabeherak kontatzen baitizkigu. Eta beste saio bat, Joseba Gabilondoren Nazioaren hondarrak, literatura nazionalaren eskema zaharkitua gainditzeko beste paradigma bat proposatzen diguna.
Ez da astirik izan literaturak aurtengo une historikoaz gogoeta egin dezan
Boladan diren kontzeptuak ez baditugu argi, horra hor Xabier Arregiren Herri, hiria, nazioa. Zibilismoaren sustraiak, edota Joseba Aurkenerenaren indigenismo xumea, Iparraldean gaindi liburua medio.
Bestelako saiakerak ere izan ditugu: Manu Lopez Gaseniren Literaturak umeei begiratu zienean, Iñaki Arranzen Hitza azti, euskaren berezko baliabideen gainekoa eta Mendebaldearen mintzo mindua, Joseba Azkarragarena.
Aurten, itzulpenek, ezarri dute goia euskal letretan, ugari izan baitira euskarara itzulitako liburuak, hala nola, Jules Renard-en Axenario, Pasqual Alapont-en Martaren infernua, Nagib Mahfuz-en Mila eta bat gauen gauak, Bertolt Brecht-en Kaukasiar kreazko borobila, Eric-Emmanuel Schmitt-en Ibrahim jauna eta Koranaren loreak, Irene Nemirovsky-ren Dantzaldia, Gianni Celati-ren Guizzardiren abenturak, Yasmina Reza-ren Desolamendua, Groucho Marx-en Groucho eta ni, Dorothy Parkerren Hona hemen gu biok, Danilo Kis-en Hildakoen entziklopedia, Gianni Celati-ren Paradisuko almanaka, Michael Morpurgo-ren Paeceful soldadua, Raymond Queneau-ren Estilo-ariketak edota irakurleen arreta gehien erakarri duten Flem-en Izua eta Austerren Brooklyngo erokeriak.
Euskal narratibari dagokionez, badira erraz sailkatzen ez diren lanak, horra hor Juan Luis Zabalaren Inon izatekotan eta Karlos Linazasororen Bestiarioa, Hilerrikoiak koadernoak, non eta gogoetak, ipuinak eta olerkiak ere nahasten dituzten. Fikzioa eta saiakeraren artekoa dugu, kasu honetan zinema eta filosofia lotzen dituena, Fito Rodriguezen Kasandra leihoan. Hausnarketatik hurbil ere dago Pablo Sastreren Enpleguaren arbola eleberria. Irati Jimenez, Bat, bi, Manchester, Zubikarai saria jaso duena; Peru Magdalena, Lile, Igartza saria; eta Karmele Jaio, Amaren eskuak, Igartza saria, ditugu argitaratzen hasi diren idazle berrien artean,
Gutxitan huts egiten duen generoa da eleberria, eta hori ondotxo daki Alberto Ladron Aranak, beti interesgarriak diren Arotzaren eskuak moduko thriller-egilea. Modako gai bat, teknologiak gure bizimoduan daukan eraginaren berri jaso nahi duenak Patxi Zubizarretaren Txantxa. Quick liburura baino ez du jo behar. Martxosoa eta gogorra, betiko legez, etorri zaigu Paddy Rekalde bere bigarren eleberrian, Ragga-ragga dator gaua.
Urteak utzi dizkigu, halaber, Laura Mintegiren Ecce homo, eta Javi Cilleroren Ero hiria. Hauei gehitu behar zaizkie Azokaren aurreko asteetan aurkeztu diren Anjel Lertxundiren Ihes betea, Xabier Montoiaren Euskal hiria sutan edota Aingeru Epaltzaren Mailuaren odola. Eta urtero hutsik egiten ez duen bat, Xabier Mendiguren Elizegi, Arima enkoniatuak liburuaz.
Olerkigintza ere gorabehera gehiegirik gabe joan da. Urte hondarrean Koldo Izagirreren Rimmel, Sonia Gonzalezen Poema amiotikoak eta Karlos Linazasororen Denbora aleak izan ditugu.
Ipuingintzan eskas
Iaz urte ipuintsua izan bazen, aurten ezin da gauza bera esan. Alabaina, ipuingintzak ondo merezitako saria erdietsi du Iban Zalduaren eskutik, aurtengo narratiba alorreko Euskadi Saria berarentzat izan baita, berarentzat eta iaz argitaratu zuen Etorkizuna bildumarako.
Beharbada, kritika ez da batera etorri liburu hau Zalduaren onena dela esatean, baina dudarik ez dago Iban Zalduaren ipuinek leku nagusia lortu dutela hamarkada honetako ipuingintzan, eta bide batez, jakina, gure garaiko narratiban. Azken urteetan ipuingintza gogor zetorren eta Zalduari emandako sari hau etorri da nabarmentzera, baita aitortzera ere, euskal ipuingintza garaikideak lortu duen maila.
Badira ipuingintzaren plaza handira jauzi egin duten idazle berriak, Rafa Ugalde kasu. Gure gerretako heroiak dimoztarraren bigarren bilduma izanik ere, lan mamituagoa lortu du honetan eta leku bat egin dio ipuingile petoen artean. Petoa ere Laudioko Patxi Iturregi, Dioramak bilduma galtzarbean daukala itzuli dena, bere hirugarren ipuin bilduma. Iturregiren ipuin berriok, zertzelada labur eta eskematikoetan atonduta, bat datoz azken urteotan boladan dagoen ipuin biluzi mota horrekin.
Eta benetako harribitxi bat, oraingo honetan itzulpenen alorrean, Leonid Andreiev-en Zazpi urkatuak narrazio bilduma. Andreiev Errusiako maisu handien artean dugu, Txejov eta Gorkiren pare, ipuingile aparta. Bere ipuinek XX. mendearen hasierako errusiar gizartearen krisia eta gizakiaren gogo-aldarterik ilunenak dakarzkigute.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.