_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Bidaia literario laburrak

Ipuingintzak pisu handia du oraindik euskarazko letretan, 80ko hamarkadan adina indarrik ez badu ere

"Bitxia da. Ba al dakizue nola konturatu ginen gu bizitzaren fase berri batean sartuak ginela? Egongelako sofa aldatzea erabaki genuenean". Hori da Iban Zalduaren Etorkizuna narrazio-liburuaren Sofarena kontakizunaren abiapuntua. Hiru orrialde eta erdi, apenas hamar minutuko jesarraldia eskatzen duena irakurleak bat-bateko literatura-egarria ase dezan. Etorkizuna 2005eko argitaratu zen eta Euskadi Sarian eman zion egileari hurrengo urtean, generoak euskal letra garaikideetan duen sasoi betearen erakusgarri, azken urteotan pixka bat behera egin badu ere produkzio osoaren gainean duen pisua, Jorge Giménez Bech Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak baieztatzen duenez. "Garai batean euskal literatura oso garbi zen ipuinaren erresuma. Asko ziren ipuinak, asko ipuingileak. Euskal letretara etorri zen lehenbiziko Sari Nazionala ipuingintzaren bidetik etorri zen", dio Bernardo Atxagaren Obabakoak gogoan.

Eleberria da egungo genero nagusia, baina idazle batzuek narrazioekin duten loturari eusten diote

Hain zuzen ere, Asteasuko idazlearen ekarpenak berebiziko garrantzia izan zuen ipuingintzak 80eko hamarkadan zehar izan zuen nagusitasunarekin, gerora idazle izango ziren irakurle askorengan izan zuen eraginagatik besteak beste. "Idazten dugunean beti aurrekoak ditugu gogoan", azpimarratzen du Mari Jose Olaziregi kritikariak. "Obabakoak-en azaltzen den ipuingintza, ipuingintza klasiko unibertsalean paradigmatikotzat har dezakegun ipuingintza da, maisuena", erantsi du. Bere esanetan, "bidaia literarioa izan zen, eragina izan du idazle gazteengan, irakurle diren neurrian euskaraz jaso zituztelako hainbat kontu".

Besteak beste Atxagaren alegiazko mundua mugarri duen generoak fruitu bikainak izan ditu euskal literaturan, Harkaitz Cano, Karlos Linazasoro, Xabier Montoia eta Pello Lizarralde bezalako idazleen eskutik. Horrez gain, idazle belaunaldi berriko ordezkari batzuek bide hori bera aukeratu dute beren opera primak kaleratzeko, horien artean Uxue Alberdik (Aulki bat elurretan), Uxue Apaolazak (Umeek gezurra esaten dutenetik) eta Katixa Agirrek (Sua falta zaigu).

Generoaren urrezko aroa agortzen ari dela dirudi, euskal literaturaren produkzioa pixkanaka "gure inguruko kulturetara, gazteleraren eta frantsesen eremura" hurbiltzen ari baita, editoreen ordezkariaren arabera. "Bai frantsesez eta bai gazteleraz ipuingileak badira, oso onak gainera batzuk, eta itzuli ere egiten dira beste hizkuntzetatik ipuinak. Baina dudarik gabe eleberria da genero nagusia", azaldu du.

"Horretan euskal merkatuak egin du bide hori ere, baina berezitasun batekin: gure idazle batzuek segitzen dute ipuinarekin oso harreman maizkoa eta gertukoa izaten, Iban Zalduak eta Harkaitz Canok adibidez. Baina gurean hobeto txertatzen da oraindik ipuina kanpoko merkatuetan baino", gaineratu du Giménez Bechek.

Narrazio batek edo ipuin batek irakurleen arreta beregana dezaten egileek oso kontuan hartu behar dituzte bisitatzen ari diren erresumako arauak. Denbora eta espazioaren erabilpena desberdina da nahitaez eleberrien aldean, eta idazleek kontu handiz ibili behar du gaizki aukeratutako hitz batek hain ibilbide laburreko bidaia literarioa honda ez dezan, Zalduak berak aitortzen duenez. "Hor kokatuko nuke bi generoen arteko desberdintasun nagusia", dio idazleak.

"Nik ipuina ikusten dudan moduan, komeni zaio ahalik eta pisu gehien kentzea, kimatzea nolabait, ez luzamendutan ibiltzea, ipuina ipuin izan dadin. Nik esango nuke elipsia erabiltzen eta testua kentzen jakin behar dela", adierazi du Etorkizuna-ren egileak. Iritzi horrekin bat dator Iratxe Retolaza EHUko Literatura irakasle eta literatura-kritikaria, genero hau gutxiesten dutenei (besteek baino balio literario txikiagoa duelako edo) arrazoia kenduz. "Narrazio labur batean zati narras batek eragin handiagoa izan dezake ziur askoeleberri luze batean baino. Narrazioetan ezin du hutsik egin idazleak", nabarmendu du.

Hain zuzen ere, euskarazko ipuingintzaren izenburu nagusiak aztertuko dituen liburu batean lanean ari da Retolaza. Lana EHU bultzatzen ari den Euskal Literatura Sailaren baitan argitaratuko da, eta iragan astean aurkeztutako eleberrigintzari buruzko liburukiaren jarraipena izango da, 2012an burutuko den proiektu baten baitan.

Idazleak genero baterako edo besterako duen joerak zerikusia omen du bere izaerarekin berarekin. "Bai eleberriak eta bai ipuinak tenpus desberdina eskatzen dute", dio Anjel Lertxundik. "Nire ustez, idazleek badute halako joera naturala baterako edo besterako, hau da, badaude nobelen ipuingileak nobelaren jarioa nabarmendu zaienak, eta alderantziz nobelagileak ipuingilearen jarioa igartzen zaienak", argudiatu du

"Poema batean bezala, ipuinaren zailtasunik handiena eustean datza", dio generoari besteak beste Aise eman zenidan eskua liburua eman dion idazleak. "Poema batean bezala, ipuin batean hitz batek ere ez du sobratu behar. Bidaia luzeagoa da nobelak hartzen duena, eta bidaia luzeetan atentzioa gehiago barreiatzen zaizu".

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_