"Fronterakoa naiz eta mundu berrietara zabalik nago"
Aurelia Arkotxa (Baigorri 1953) idazlea, ikertzailea eta irakaslea da
eta ostiralaz geroztik, euskaltzain oso kargua bereganatu duen hirugarren emakumea. Fronteran bizi den Iparraldeko intelektual honek "poz handiz" onartu du Euskaltzaindiko 25. aulkitik euskara jagoteko eta sustatzeko ardura. "Niretzat, gaurko mundua euskaraz adieraztea da garrantzitsua", esan du, gazteenganako konfiantza berretsiz.
Galdera. Zer suposatzen du zuretzat euskaltzain oso bihurtzeak?
Erantzuna. Enetzat ohore handia da. 2003an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu ninduen, eta ordutik Literatura Ikerketa Batzordean lanean ari naiz. Pertsona andana bat elkartzen gara hilero eta ene alorra kritika lantzea izan da orain arte batzorde horretan. Biziki atsegina izan da bertan parte hartzea. Joan Mari Lekuona izan genuen buru, eta oso atsegina zen, berarekin poesiaz mintzatzeko parada izaten bainuen. Euskaltzain osoaren nire eginkizun berriak ez ditut zehazki ezagutzen oraindik, baina atsegin eta poz handiz hartzen dut lekukoa.
"Euskara dut ama hizkuntza, baina frantsesa eta gaztelera ere mintzatzen ditut arazorik gabe; ni hiru mundu hauetakoa naiz"
"Iparraldean ikaragarrizko indarrak sortu dira euskararen alde, baina ofizialtasun ezak hauskortu egiten ditu ahalegin horiek"
G. Euskaltzain oso izendatutako hirugarren emakumezkoa zara. Garrantzitsua iruditzen al zaizu genero-ikuspegitik?
E. Nik ez dut emakumezkoen presentzia baloratzen. Nik gauza horietan neutraltasuna dut laket, eta besteek egiten dituztelarik, balorazioak onartzen ditut, baina ene baitan, normaltasun osoz bizitzen ditut gauza horiek. Nahiz badakidan egoera ez dela batere normala emakumeari dagokionez, nik oso ongi bizitzen dut, niretzat gauzak guztiz naturalak baitira, eta pertsona bezala bizi naiz, aditu, ikertzaile eta poeta bezala.
G. Iparraldekoa izanda, nolabaiteko berezitasunik aitortzen al diozu zeuren buruari?
E. Berezitasun batetaz mintzatuko naiz. Ni fronterakoa naiz eta gainera familiaz hibridoa. Ama hegoaldekoa dut, aitaren aita bizkaitarra, eta fronteretan bizi izan naiz beti. Hemen frontera eta mugaren arteko berezitasuna egin nahiko nuke, ez baita berdina. Frontera bi estatuen arteko muga politikoa da, eta muga, aldiz, edozein limite izan daiteke. Ezberdintasun hau etxean ikasi nuen, eta gero, XVIII. mendeko Frantses Iraultzako afixak ikertzen ari nintzela, bi kontzeptu hauen arteko berezitasuna ikertu ahal izan nuen zientifikoki. Azken finean, aipaturiko frontera horretan bizitzea biziki atsegina izan da niretzat, mestizajean eta bi munduen artean bizi bainaiz. Alde batetik ez da erosoa, baina biziki aberasgarria da. Izugarri maite dut fronterakoa izatea. Honi esker, euskara dut ama hizkuntza, baina frantsesa eta gaztelera ere mintzatzen ditut arazorik gabe. Ni hiru mundu hauetakoa naiz, eta mundu berrietara zabalik nago gainera.
G. Zer deritzozu Euskaltzaindiko kidegoa gaztetzeko abiarazi den prozesuari?
E. Erraten ahal dizut belaunaldi aldakuntzak beharrezkoak eta aberasgarriak direla eta gauzak eboluzionatuz joaten dira. Aldakuntza horiek gizartearen araberako isla izan behar dute, herria bizirik den seinale.
G. Zer eskain diezaioke Aurelia Arkotxak Euskaltzaindiari?
E. Ni naizena besterik ez naiz: poeta, idazlea eta, aldi berean, unibertsitateko katedraduna, XVI. eta XVII. mendeko testu inprimatuetan espezializatua. Sinpleki eta umilki hauxe da ni naizena, eta hori da eskain dezakedana. Niri ibilbide poetikoak interesatzen zaizkit, gaurko mugimenduetan izatea, eta euskaraz idazten dudan arren, frantsesez ere egiten dut. Niretzat, gaurko mundua euskaraz agertzea da garrantzitsua. Ildo horretatik, ostiralero kronika poetikoak argitaratzen ditut prentsa idatzian. Espazio diferente bat sortzea dut xede, irakurleak hutsunez eta isiltasunez jositako idazki poetikoetan murgiltzeko asmoz.
G. Fronterako biztanlea izanda, nola ikusten duzu mugaz bestaldeko euskararen egoera?
E. Euskara ez da hizkuntza ofiziala Frantzian, Gobernuak eskubide hori ukatzen diolako. Hau aldatzen ez den bitartean, oztopo ikaragarria izango du euskarak. Hizkuntza bat ofiziala denean, egoeran sumatzen da. Iparraldean ikaragarrizko indarrak sortu dira euskararen alde, eta biziki eskertzekoak dira. Alabaina, hizkuntzaren ofizialtasunaren ez ukateak, azkenean, ez ote ditu egoera horiek hauskortzen? Hainbeste indar eta jende lanean ari da, baina frantses Estatuaren erabaki politiko tematsu batek ahaleginak ahultzen ditu. Erakundeez gain nik gazteetan anitz sinesten dut, asko baitira kantatzen, dantzatzen, jostatzen eta kirola euskaraz bizitzen ari diren gazteak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.